ONGI ETORRI

ONGI ETORRIA!!!

Txapela buruan eta ibili munduan, dio esaerak, nor izateko sarietan oinarritutako ibilbidea garatzea ezinbestekoa bailitzan.
Badira, ordea, txapela jantzita baino -mordoxka pilatua izan arren- nahiago dutenak ibili bi alkandora jantzita






13/11/28

Guztiek maite naute, ta ez nau inork nahi.

Guztiek maite naute, ta ez nau inork nahi.

oreretako ZAPIRAIN ANAIAK bertso sariketan 2. saria, nozpait.egilea (izengoitiz) Rodrigo Galindez UrrutikoetxeaDoinua: Hamalau heriotzena


        
Nere bizitzak duen
zentzu gabezia
inertziaz jarraitzen
dudan inertzia.
Urkamendi bihurtu
zait esperientzia
horren froga da nere
ezpainen etsia
irribarre bat ere
ezin sinetsia.

Emakume itxura
duten itxaropen
orotan uzten ditut
nere suak hozten.
Eurak nere galbide,
ni berauen lorpen.
Jakitun izan arren
ez dut eragozten,
ez dakidana bait da
bakarrik egoten.
                               
                                                            
Nago, inoiz jaioko
ez den norbaiten zai…
Ez naiz, amets bat dela
konturatzeko gai.
Amets horren lortzera
malko gezetan blai
abiatzen naiz baina
iritsi eta: ai!
GUZTIEK MAITE NAUTE
TA EZ NAU INORK NAHI

Bilintx-en malkoetan
eta poemetan
irakurtzen da gizon
eri bat penetan;
horrelaxe nago ni
eria benetan
bilatzen dudalako
onena denetan
on-etik ezer ere
ez daukatenetan.

Sarri Hamlet aipatuz
betetzen zait aba:
inoiz ikusi dudan
ederrena, hara;
eta beste guztia
ixiltasuna da!
Norbaitek erran arte:
-Ixil zaitez jada,
zu ere ederrena
ixilik bait zara!

Itxaropena bizi
da ametsen maizter…
Itxaropena bizi
da ametsei Esker...
Forma eta ideia
lotuz hil zen Bequer;
Forma omen da ‘nola’
eta ideia ‘zer’
Ez denean ‘Inola’
Ez denean ‘Ezer’.

Begirune ezaren
kolpeen hostean
desegin ditut zazpi
Ohatze astean:
Zazpi ohatze-gainen
zazpi neskape han
aurkitu ditut niri
azalpen eskean…
Barrutik penak hiltzen
nauen bitartean.

Bat ahazteko nahiz-ta
erabili zazpi
irudipena daukat
ez direla aski.
Zazpi mespretxu, zazpi
ihesen aitzaki.
Bizitza bilakatu
zait zazpi hankazpi;
bihotza oparitu
niolako bat-i.
                            
( Baina bera zen dena
erantzunkizuna
eta beretzat ez zen
aski maitasuna.
Galdetzen nion: baina
Zergatik, kuttuna?
Ez al dakizu galtzen
dugula zentzuna
bihotzari gailentzen
bazaio garuna.)

Hamaika pertsonaia
ezagunen bihotz
minberak maiz bihurtu
izan dira izotz.
Agian ulertuko
da hobe fikzioz,
bizi dena hil arte
norbaiten desioz
ez dela penaz hiltzen,
baizik amodioz.

Bihotzaren maskara
delako ahoa
hustu du ziazerben
laugarren potoa.
Behin indarberriturik
-Popeye gajoa!-
Olivia zaintzen pasa
du egun osoa
baina Olivia beti
Brutus-ekin doa.